XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Azkenik, etorkizuna: zein da minbiziaren aurkako borrokaren planifikazioa, epe laburreko etorkizunean.

Duela 200 urte baino gehiago aipatu zen lehenengo aldiz tabako-erabileraren eta minbizia agertzearen arteko erlazioa.

Dena den 1914ean frogatu zen zientifikoki tabako-kearen partikula solidoetako hidrokarburoak minbizia sortzeko gai zirela, h.d. izaera kartzinogenoa zutela.

Hala ere, mende honen hasieran, gaur egun zalantzarik gabe tabakoarekin lotzen diren minbizi-motak oso kantzer arraroak bezala onartzen ziren eta gutxitan aipatzen ziren heriotza-ziurtagirietan.

Tabakogileek beren ohizko prozedura eta bideekin jarraitu balute, tabakoaren kontsumoa ez zen inoiz modan jarriko, lehenagotik tabakoa ezagutzen zuten gizarteetan inoiz modan jarri ez zen bezala.

Bi izan ziren aldaketa hori gauzatu zuten gertakariak:

a) Batetik, tabako-hostoak ontzeko metodo berria asmatu zen.

Eta metodo berri honen emaitza tabako rubioa izan zen, bere kolore bereziagatik erakargarria, eta jende arruntak berehalaxe onartu zuena.

b) Bestetik, mekanizazio industriala izan zen erabateko faktorea.

1881ean, 19 urteko injinerutza-ikasle batek makina bat asmatu zuen, ordurarte pentsaezina zen abiaduran produktu berri bat lantzeko gai zena: tabako-erroilu mehe-mehe bat paperean bildua, eta luzera jakin batekoa (zigarroa jaio zen).

Makina berri horiek berehala hasi ziren lanean, eta zigarroak gero eta gehiago ugaldu ziren, jende xehearentzat eskuragarriak ziren prezioetan.

Tabakoaren industria garatzen zen aldi berean, tabakoaren ahalmen kartzinogenoaren ikerketa zientifikoa ere aurrera zihoan.

Asko izan ziren era honetako ikerketak, bereziki bronkio eta biriketako minbizia aztertzen zutenak, 2. Mundu-Gerraren ondotik batez ere.

Erretzeko azturaren eta minbizi-mota berezi horren agerpenaren arteko erlazio posiblea gero eta nabarmenagoa egin zen, tabakismoa mendearen lehen hamarkadatatik gorantz zihoalako eta bestalde, tabako-kearen errepikazko inhalazioak gehien erasaten zuen organoa birika zela pentsatzea bidezkoa zelako.

Birika eta bronkioetako minbiziaz gainera, ahoko minbizia, hestegorrikoa, pankreakoa, eta maskurikoa ere oso ikertuak izan dira tabakoarekin duten erlazioagatik.

Tabakismoa kontrolatzeko egiten diren iharduerak era askotakoak izan daitezke:

- Tabakoaren kontrako kanpainak.

Tabakoak osasunarentzat dituen ondorioak azpimarratzen dituzten txostenak, erakunde oso garrantzitsuek eginak (OME, adib.) asko izan dira, eta horiei esker herri industrializatu gehienetan tabako-kontsumoaren kontrako kanpainak egin izan dira, eta oraindik ere egiten dira.

Tabakismoa da gaur egun heriotza goiztiarren faktoreetan prebeni daitekeen garrantzitsuena, mendebaldeko herrietan.